Inprimatu
PDF fitxategia

Oinkari Dantza Eskola

 

Ingurutxoa1997ko irailean Oinkari dantza taldeak haurren dantza ikastaroak jarri zituen martxan eta ordu ezkero etenik gabe urtero antolatu dira dantza ikastaroak Jesusen Bihotza Ikastolako ganbaran. Ikastaro hauek 3 eta 15 urte bitarteko haurrei zuzendurik egon ohi dira eta euskal dantza tradizionalak haurren dantza heziketaren oinarria izatea dute helburu. Fandangoa, Arin Arina, Agurra, San Juan dantza, Saltokakoa, Alpargata, Soinu Zaharrak, Sorgin dantza... bezalako dantzak lantzen dira.

 

Ikastaro hauetan OINKARI dantza taldeko 13 partaide dabiltza irakasle lanetan, honela, beraiek jasotzen dutena haurrei irakatsiz lotura estua sortzen da talde guztien artean, jarraitu beharreko bidea bakarra baita. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu puntu hau, izan ere gaur egun Oinkari dantza taldea osatzen duten dantzarien %95a ikastaro hauen emaitza baitugu. Aurtengo ikasturteari begira jarriz gero, azken urteetako joerari eutsiz, haurren matrikulak gora egin du, 187 haur izatera iritsi arte.

Talde gehienek inguruko herriko dantzari txiki egunetan parte hartzen duten arren, urteko emanaldirik garrantzitsuena Villabonako jaietan Oinkari dantza taldeak eskeintzen duen emanaldia izan ohi da. Emanaldi honetan txikienetik hasiz, talde helduraino, OINKARI dantza taldeko guztiek urte osoko ahalegin eta ilusioa taularatzen dute.

Dantza Eskola - MutilakDantza Eskolaren antolaketaren azken eskilara-mailan gaztetxoen taldea genuke. OINKARI dantza taldera iritsi aurreko azken pausua litzateke. 13-15 bitarteko 70 gaztetxok osatzen duten talde honek, talde helduaren entsegu-dinamika bera jarraitzen du, denborarekin beren emanaldia garatzera iritsi direlarik, "Iraganaren Geroa". Oinkari dantza taldea 1975.urtetik talde sendoa izan dela argi dagoen bezala, gaztetxo hauen kalitate eta ilusioarekin inondik inora ezin dugu zalantzan jarri taldearen etorkizuna; hemendik emanaldiaren izena, izan zirenen etorkizuna direlako gaztetxo hauek.

Azkenik, Dantza Eskolan, haurrez gain, gazte nahiz helduek ere badute lekurik. Honela, astelehenero 20:30etatik 21:30etara helduentzat zuzenduriko ikastaroa antolatu du Oinkarik. Bertan, fandango eta arin-arinari lehentasuna eman arren, beste hainbat dantza herrikoi ikasteko aukera ere luzatzen dugu. Benetan azpimarratzekoa da, talde honetan dantzarekiko erakutsi duten zaletasunaz gain, elkarren artean gailentzen den giro aparta.

Dantza Eskola - Neskak