Aiurri aldizkariak Ioritz-i egindako elkarrizketa

2004-09-03


DANTZA

GAZTE AMASARRA, DANTZARI BIKAINA

 

Ioritz Galarraga, txoriak bezala dantzan

  Ioritz Galarraga, zortzi urte zituela hasi zen dantzan, Oinkari dantza taldean; hamairu urte ditu egun. Aurtengo Santio gauean, Oinkariren dantza emanaldia ikusi zutenen ahotan ibili zen dantzari gaztearen trebezia eta arintasuna.

Ioritzi txikitandik gustatu izan zaio dantza egitea. "Naikari arreba dantzaria da eta hura entsegatzetik etortzen zenean, bigarren entsegua hasten zuen nirekin etxean". Naikari arrebak Aukeran konpainian egiten du dantza eta datorren urrian Filipinetara doaz; ez da anaiarentzat batere irakasle txarra. Arrebaz gain, familiako beste hainbat kide ere dantzariak izandakoak ditu Ioritzek, halanola, amona eta gurasoak. "Nire afiziorik handiena dantza egitea da, baina musika ere gustuko dut; dultzaina jotzen ikasten ari naiz". Bere adineko mutil gutxi animatzen da dantza egitera, eta askok, nesken kontua omen dela dioten arren, gai horrek ez du Ioritz inoiz kezkatu izan, "nire adineko mutilak dantza egitera animatu nahiko nituzke, oso ondo pasatzen dugu entseguetan".

Oinkarin ez ezik Alurr dantza taldean
Oinkari dantza taldeko kide izateaz gain, Ibarrako Alurr dantza taldean ere aritzen da amasarra, "udan, bi taldeetan ibili naiz eta ondo moldatu naiz entseguetarako. Ikasturtean zehar ikusi egin beharko da bietan jarraitzeko aukerarik ba ote dudan". Euskal dantzen artean koreografia berriak egitea du gustukoen. Oinkarik Santio gauean eskaini zuen dantza emanaldian parte hartu zuen Ioritzek eta herritar askok hizpide izan zuen dantzari gaztearen trebezia, "jende askok zoriondu ninduen, asko poztu nintzen". Villabonako emanaldiaz gain, berriki, Ibarrako San Bartolometan ere parte hartu du Alurr dantza taldearekin.

Euskal dantzak eta dantza klasikoa lotuta
Euskal dantzen oinarria, dantza klasikotik datorrenez, ondo trebatzeko, bi urte daramatza dantzari gazteak dantza klasikoa lantzen, "Edu Muruamendiarazek aholkatu zidan, euskal dantzen oinarria ondo hartzeko, dantza klasikoa egitea zela onena. Animatu egin nintzen eta Donostiara joaten naiz Thalia akademiara. Egia esan, aspergarria iruditzen zait klasikoa euskal dantzen aurrean baina, garrantzi handia omen du eta aurrera jarraitzen dut…". Aurrerantzean ere, dantzan jarraitzeko gogo bizia du Ioritzek eta egia esan, ez doa bide txarretik. Zorionak!

 

Albistearen iturria: Aiurri.com

------